XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta nik uste horixe dela Said gaur goizean esatera ausartu ez dena.

Ni jo eta ma geratu naiz. Sorbaldak goratu beste zirkinik ez dut egin.

Baina laster, beheko hortzez tinkatu dut goiko ezpaina: largabistaren bidez Naimari hurbilagotik begiratzen ahal diot.

Eta baietz erantzun bezain agudo, Said tximistaren pare desagertu eta prismatikoak ekarri dizkit.

A ze lasaitua hartu duen, nik atzo txizerreka egindakoan baino handiagoa inondik ere!

(3:10). Gaur ez nago haserre lo egin ezinik edo txizalarriak nagoelako.

Ez, gaur batez ere harriturik nago, zeren, lo seko nengoela, Said gelara etorri eta honela esnatu bainau:

- Astoaren mandolina! Martin!

Oso gauza garrantzitsua zaukaat hiri esateko.

Non nengoen ohartu eta pixka bat esnatu naizenean pentsatu dut: Gurasoei zerbait gertatu zaie!, edo bestela: Orain ez zitzaion ba damutuko largabista niri ematea!.

Baina ez da halakorik izan eta kontua oso bestelakoa suertatu da.

- Atzo gauean Asni ondoko jauregira joan ninduan jarraitu du oraindik arnasestuka.

Han gauza harrigarriak ikusi nitian, baina gaurkoak, Martin, gaurkoak ez sinesteko modukoak dituk.

Nik jakinminez entzun diot, eta bitartean atzo gauean entzundako hots susmagarriekin gogoratu naiz: seguruenik sagu batenak ez, eta Saidenak izango ziren, jauregi horretatik bueltan...

- Ezagutzen duk jauregia, ezta?

Tagadirt herritik gertu zagok, Asnirako bidean.

Inguru hauetara etorri zinetenean, derrigorrez ikusi behar izan zenuten.